Haien beldurra, nire poza
Escrito por jesusmarilarrazabal en HAU DIOTE...HAU DIOGU, tags: BarredaHau dio… Leopoldo Barredak, gaur: “Es denunciable esa disposición de EA de ceder sus listas, poner en saldo sus siglas para beneficiar a Batasuna y permitirle burlar la legalidad democrática y la decisión de los tribunales” .
Hau diot… nik: Hemen benetan salagarria dena da batzuek demokraziaz duten ikuspegia. Beren interesen kontra joango den zerbait sor daitekeen susmoa dutenean, debekuak eta legez kanporatzeak besterik ez zaizkie burura etortzen. Eta bitartean, gezur baten inguruan diskurtso oso bat eraikitzeko gauza dira. Baina nork esan du EAk ezker abertzaleari siglak utziko dizkiola? Baina nola esan daitezke tamaina horretako tontakeriak? EA ANVrekin edo EHAKrekin parekatu nahi izateak ezjakintasuna edo, are okerrago, fede txarra ezkutatzen du.
EAk indar independentisten metaketaren aldeko apustua egin du eta elkarlan horren ezinbesteko oinarria ere zehaztu du: bide politikoak eta baketsuak bakarrik jarraitzea. Eta ezker abertzaleak edo besteren batek apustu horrekin bat egiten badu eta elkarlan horren apustua modu batean ala bestean gauzatzen bada, non dago arazoa? Non dago arazoa bide politikoak eta baketsuak bakarrik erabiltzen badira? Argi dago, gero eta argiago. Barreda bezalakoentzat arazoa ez da ETA; benetako arazoa independentisten batasuna da. Horixe da beren beldurra, horrek beraien kalkulu guztiak eta beraien gehiengo artifizialak hankaz gora jarriko dituelako.
Benetan gustatzen zait horiek guztiak hain asaldaturik ikustea; bide egokia hartu dugun frogarik onena da.


Entradas (RSS)