Archivo de 4 Febrero 2010

Pernando Barrena aske da. Dirutza ordaindu eta aske da. Pozten naiz, kartzelan egoteko arrazoirik ez zegoelako. Pozten naiz, bere askatasuna baldintzapean egon arren, erabatekoa izatea nahiago dudalako.
Pozak, ordea, ez du Espainiako Auzitegi Nazionalaren bidegabekeria estali behar, salbuespenezko erakunde horrek demokrazia batean zeharo onartezinak izan beharko luketen baldintzak inposatu dizkiolako Barrenari aske jarraitu ahal izateko. Bilera, manifestazio edo ekitaldi publikoetan parte hartzea eta, oro har, politikan jardutea debekatu dio. Nork esan dezake orain Espainian inor ez dagoela preso politika egiteagatik?

Gogora ekarri behar da, gainera, Pernando Barrena errugabea dela epaile batek kontrakoa ez dioen bitartean. Gaur egun, nik dakidanez, epaitua izan gabe segitzen du. Nola da posible demokrazia batean –benetakoa baldin bada, behintzat– bere eskubide zibil eta politiko guztiak indarrean dituen pertsona bati horrelako debekuak eta baldintzak inposatzea? Espainiar Estatuko justizia sistemaren osasuna neurtzeko neurgailua Auzitegi Nazionala baldin bada, zalantzarik ez dago, bere osasun-egoera kritikoa da, larria zinez. Auzitegi Nazionala eta Justizia kontzeptu kontrajarriak dira, Espainian Pernando Barrenak eta abar luze batek pairatutako bidegabekeriek agerian uzten duten bezala.

Comments 6 Comentarios »