Hauteskunde Legean egin beharreko benetako erreforma
Escrito por jesusmarilarrazabal en Legebiltzarra, tags: Hauteskunde Legea, LegebiltzarraHauteskunde Legea aldatu nahian omen dabil PP, edozein alderdik Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza izateko gutxienez lortu beharreko portzentaia %3tik %5era igotzeko. Bere helburua argia da, herri honen pluraltasun demokratikoa eta ideologikoa mugatzea; antza denez, talde politiko txikiak desagertarazi beharreko traba baino ez dira PPrentzat. Hori da hori demokraziaz duen ideia!
Dena dela, PPri gauza bat eskertu behar zaio, interesgarria izan daitekeen eztabaida bat piztu duela. Noski, ez nator bat PPren proposamenarekin, baina zergatik ez Hauteskunde Legea aldatu Lurralde Historikoen Legearen berrikuspen sakon baten markoaren barruan?
Eusko Legebiltzarrean pisu bera dute gaur egun, kuantitatiboki behintzat, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, herrialde bakoitzak 25 legebiltzarkide aukeratzen baititu. Zergatik ez sistema hori birplanteatu? Ez litzateke egokiagoa eta zuzenagoa izango herrialde bakoitzak duen biztanlegoa kontuan hartzea? Gehiago balio behar du ezinbestean arabar baten botoak bizkaitar edo gipuzkoar batenak baino?
Zentzuzko galderak direlakoan nago, edonork egin ditzakeenak; horregatik harritzen nau %5arekin gora eta behera gabiltzala ikusteak, benetako eztabaidak eta benetako erreformak nik aipatzen dudan beste hori izan beharko lukeelako.
Jakin badakit batez ere Araban ideia horrek mamuak eta beldurrak astintzen dituela, baina, egia esan, beldur horiek ez dute inolako oinarririk. Ez dago Araba, edo Gipuzkoa, diskriminatzeko arriskurik, hori saihesteko formulak egon badaudelako. Madrilgo Kongresuan bertan, esaterako. Probintzia bakoitzak bi diputatu gutxienez aukeratzen ditu eta beste guztiak biztanlegoaren arabera banatzen dira. Hemen ere egin genezake horrelako zerbait, gutxienezko ordezkaritza bermatu (kopurua adostu beharko genuke guztion artean) hiru herrialdeetan eta gero gainontzeko legebiltzarkideak biztanlegoaren arabera banatu, Legebiltzarreko 75 eserlekuak bete arte. Ez al litzateke zuzenagoa izango?


Entradas (RSS)